Skip to the content.
banner_image_radiocontroller banner_image_drone banner_image_submarine banner_image_rc_car

Dronen araudiaren eta erregulazioaren gida azkarra

Ez dizut gezurrik esango, egun, dronen araudia eta erregulazioa guztiz kontrolpean izatea ez da lan makala. 2024 urtean araudi guztia hankaz gora jarri zuen errege dekretu berria indarrean jarri zen (517/2024), eta horrek, marko juridiko berria ezarri zuen urrutiko gailu hegalarien inguruan. Berrikuntza nagusienen artean marko legala europar batasunak markatzen dituen oinarrietara hurbiltzea bazen ere, gaia konplikatu egin da, eta kasu batzuetan behar baino dezente gehiago.

Garbi izan behar duzuna ondorengoa da: urrutiko gailuaren arabera normatibak aldatu egiten direla. Esate baterako, lurreko urrutiko gailu bat edota uretan nabegatzen edo murgiltzen den gailu bat erabiltzeko ez duzu traba berezirik izango, aitzitik, hegan egiten duen urrutiko gailu bat erabiltzeko (ingelesez UAV gisa ezagutzen dena, Unmmaned Aerial Vehicle) bete behar den baldintzen multzoa handia da. Zergatik gertatzen da hori? ados egon gaitezke edo ez… baina legearen arabera urrutiko gailu hegalariek aireko espazioa erabiltzen duten horretan, aireko trafikoaren erregela berdinak bete behar dituzte. Hein horretan, komeni da araudiaren eta erregulazioaren ideia minimo bat izatea, zeren drone bat okerrean erabiltzeagatik isuna jasotzen badugu, abiazio isuna izango baita, esan gabe doa nahiko potoloak direla.

Zer jakin behar dut (gutxienez) drone batekin lasai hegan egiteko

Bi gauza. Alde batetik, hegaldia arriskuaren arabera kategorizatuta dagoela. Horrela, arrisku gutxiko hegaldiak, arrisku ertaineko hegaldiak eta arrisku altuko hegaldiak definitzen dira. Beste alde batetik, dronak kategorizatuta daudela, horrela, jostailuzko dronak, drone zimatikoak, drone profesionalak, gehiago edo gutxiago pisatzen duten dronak, segurtasun neurri gehiago edo gutxiago duten dronak, … daudela. Ondorioz, egin nahi duzun hegaldiaren eta erabili nahi duzun dronaren arabera behar desberdinak izango dituzu. Behar horien artean aurkitu genitzake, dronen manualak ondo ezagutzea, aireko espazioaren agentzian drone-gidari modura altan emanda egotea, aseguruak izatea, dronak gidatzeko baimenak izatea, irrati uhinetako gailuen lizentzia izatea, etab.

Gaia nahiko konplikatua den horretan, hasi gaitezen goi-mailako beharren azterketa batekin. Jarraian dagoen eskeman dronen erabilera azaltzen saiatzen den piktograma bat dago, erabilera mota sinpleena deskribatzen duena: jostailuzko dronak. Jostailuzko dronak dronen gaira gerturatzeko aukera paregabea dira: merkeak direlako, arau gutxi bete behar dituztelako, eta oso-oso dibertigarriak direlako.

Jostailuzko dronak erabiltzeko arautegi laburtua

Eskeman ikusi daitekeen modura jostailuzko drone batekin hegaldiak egitea nahiko erraza da, eta drone guztientzat aplikagarriak diren erro erregelak bakarrik kontuan hartu behar dira: i) ezin da 120 metroko altuera gainditu eta ii) AESA agentziaren (Agencia Española de Seguridad Aérea) ENAIRE smartphone/web aplikazioa kontsultatu behar da, hegaldia egiteko zonaldea egokia dela kontsultatzeko. ENAIRE aplikazioan lokalizazio bat kontsultatu eta gorriz edo beste koloreren batean agertzen bada, zonalde horretan murriztapenen bat dagoela esan nahi du. Murriztapen batzuk gogorrak dira, eta ezin izango duzu bertan hegaldia egin, adibidez instalazio militar baten inguruan; aitzitik, beste murriztapen batzuk biguinak dira, eta ENAIREren aplikazioaren jarraibideak beteta baimenak eskatzea eta autorizazioa jasotzea posible da. Gomendioa hasiera batean murriztapenik ez duen zonalde batera mugatzea da, arazo burokratikoak ekiditeko.

Indoor dronak

Dronei aplikatzen dieten murriztapen eta betebehar guztiak ahazteko beste alternatiba indoor deritzon modalitatera mugatzea da. Edifizio baten barruan gauden bitartean ez baita aireko espazioaren bete beharrik kontuan izan behar, ez eta AESArenak. Drone handiak gela eta pasilloetan zehar mugitzeko konplikatuak diren heinean (turbulentziak), jostailuzko dronak bereziki egokiak dira indoor aktibitateak egiteko, baita ziztu biziko txapelketak ere! Ondorioz, aukera hori drone txikien bitartez lagunduta (bai jostailuak baita cinewhoop kategoriakoak) dronen mundura gerturatzeko eta dronak gidatzen ikasteko aukera paregabea da.

Indoor drone txikien sarrera. Lehen urratsak